XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Batek, harri xabalkak hautatzen zituen, bestek biribilak, norbaitek erzdunak, zenbaitek konkordunak, harbelkiak nahiz karaizkiak, adreilukiak nahiz teilakiak, denetarik noski...

Bete zuen bakoitzak bere potea eta prest zen danbatekoka hasteko.

Han-hemen, han-hemen, harriak bildu ahala, aurreko eguneko puntura heldu ziren eta jikarak tentagarri zitzaizkien.

Inork ez zuen barne kezkarik agertzen.

Kezkak, harrikada gosez itoak ziren noski eta berehala jarri ziren ados, gurdibidean marra jakin bat egiteko.

Denek marra hartatik botako zuten eta gehien aldiz jotzen zituena (hiru zeuden) zen denen buru.

Txandaka hasi ziren, baina berehala bihurtu zen harrite izugarri.

Harria larruan jarri, ongi tiratu tenk jarri arte eta gomak luzeenean zeudenean utzi, ia batera egiten zuten.

Puska batez, inork ez zuen jikararik jotzen eta nahiko txarrak zirela pentsatzera ere heldu ziren.

Baina, halako batetan, PRINNNNKKK!... egin zuen batek eta zatitxo bat lurreratu zen.

Portzelana puxka hura, gusto handiz jaso zuen TXOMINek, jo ere beronek egin zuenez, eta gainontzekoen laudorioak jaso zituen.

Beste hamar harri ez ziren boteak izanen PRRRAAANNNNNKKKKKKK!... luze samar bat entzun zenean.

LOPE zen oraingoan asmatu zuena eta laurden bat hor nonbait kendu zion beste jikara bati.